viernes, 15 de mayo de 2009

Aurkespen testua

KRISIAREN AURREAN HERRITARREN ERANTZUNA aurkeztu nahi dugu gaur.

Bere izenak dioen bezala Herritarren Erantzuna krisi honi ematen zaion erantzuna da eta, batez ere, krisi hau eta bere oinarri eta erantzule nagusi den sistema ekonomikoa pertsonengan sortzen ari den ondorio larriei erantzuna bilatzea da.

Ondorioak nozitzen ditugunok jasaten ditugun egoerak bistaratu eta salatu nahi ditugu, ez baitugu ahaztu behar zifra makroekonomiko horien guztien atzean pertsonak daudela, langabezian geratu berri diren gure bizilagunak, hipoteka ordaindu ezin eta etxea derrigorrez uzteko arriskupean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetara lotsaren lotsaz hurbiltzen direnak, beren egoera nolabait arintzeko laguntzaren bat eskatzera, modu horretan hilaren amaierara iritsiko ote diren edo.

Egoera aldatuko bada, denok borroka eginda eta konpromisoa hartuta izango da, ez bestela. Gure ustez egunetik egunera beharrezkoagoa da langabezia-egoerak eta baliabiderik eza islatzea eta kalean modu kolektiboan salatzea eta bistaratzea. Langabeziaren erruz, gogoratu %14,6an dagoela, eta batez ere laneko behin-behinekotasun izugarriaren erruz gertatzen ari den lan eta gizarte eskubideen etengabeko degradazioaren aurka borrokatzea.

Hiriko taldeen agendan (bizilagunen elkarteetan, elkarte eta kolektibo sozialetan, eta abarretan) salaketa eta borroka hau jarriz, gure auzoetan baliabiderik gabe dauden hainbeste eta hainbeste pertsonentzako konponbide zehatzak eta berehalakoak lortzeko. Eta nahi dugun eredu sozial eta ekonomikoaren gaineko elkarrizketa ere bai.

Horregatik guztiarengatik, ez dizuegu deitzen zuen elkartasuna adieraz dezazuen, baizik eta zeuek parte har dezazuen bai zeuena bai geurea den borroka honetan; modu honetan, toki bakoitzeko borroka edo borroka partzial guztiak pertsona guztien borroka bilaka daitezen; eta horrela, agian, guztion artean hasiko gara beste errealitate bat eraikitzen, badaukagu beharra eta.

Ildo honetatik deitzen diren era honetako ekimen guztien alde azalduko gara. Horregatik Krisiaren Aurrean Herritarren Erantzuna taldekook bat egiten dugu eta dei egiten dugu jende guztiak bat egin dezan maiatzaren 21erako deituta dagoen greba orokorrarekin eta baita biharko Bilboko Kaleetan CCOO sindikatuak deituta daukan mobilizaziorako, guk sortu ez dugun krisi honen ondorio larriak frenatzeko urrats bezala eta arazoen aurrean beti irtenbide berdinak planteatzen dituzten erantzule horiei belarritik tira egiteko, beti bezala langileok eta baliabiderik ez dugunok galtzen atera ez gaitezen.

Lehen urrats bezala manifestu bat egin dugu, oarain irakurriko duguna, eta jendeari atxikimendua eskatzen diogu, norbanako zein kolektibo gisa. Orain arte kolektibo hauek atxiki dira: Lakaxita Gaztetxea, ESK, Asociación Republicana Irunesa "Nicolás Guerendiain", LAB, ELA, Gazte Komunistak, EPK, AHT GELDITU! Elkarlana, EB, Bilgune feminista, CCOO, BERDEAK / EUROPEAN GREENS...

Atxiki nahi duen pertsona edo kolektibo orok gure posta elektronikoan egin dezake herritarronerantzuna@gmail.com edo gure blog-ean http://herritarronerantzuna.blogspot.com

No hay comentarios:

Publicar un comentario