sábado, 16 de mayo de 2009

Krisian ere, emakumeok kalera!

BERRIA. Saioa Iraola Maider Goikoetxea. Euskal Herriko Bilgune Feministako kideak

Argi dago emakume langileok dugun egoera ez dela 1886ko maiatzeko egoera bera, baina oraindik ere langileok eta oro har emakumeok asko dugu aldarrikatzeko eta borrokatzeko. Sexuen araberako lan banaketa oinarri duen sistema kapitalista-patrialkalak bizirik dirau, baita sistema honek jendartea esplotatu, zapaldu eta zatitzeko erabiltzen jarraitzen duen tresnak ere: prekarietateak. Prekarietate ekonomikoak eskubideen mugaketa, lan baldintzen okertzea eta lan merkatuaren erregulazio gabezia sortzen ditu. Hiru elementu horiek hertsiki loturik daude emakumeongan sistemak sortzen dituen ondorioekin. Orain arteko antolaketa ekonomikoak zein lan baldintzen egoerak beti mantendu izan gaituzte emakumeok menpeko egoera batean.

Beti egon izan gara lan baldintza prekarioenetan edota gutxien baloraturiko lanetan; hein batean, emakumeok beti egon gara krisian, nahiz eta hedabide zein politikariek krisi egoera berritzat jotzen duten. Orain krisi hitza besterik aditzen ez den honetan, haiek eginiko balorazio zein interpretazioetan ere emakumeok bigarren mailako herritar gisa kontsideratuak gara, eta ezkutuan mantentzen ari dira krisi ekonomiko honek gizonezkoengan ez ezik emakumezkoongan ere zer-nolako eraginak edukiko dituen azaleratzeko orduan. Krisi honetan, emakumeak gara ahaztuenak eta kaltetuenak.

Emakume langileon errealitatea garratza da. Lanpostu prekarioenak emakumeok dauzkagu. Behin-behinekotasuna ezaugarritzat duten kontratu gehienak ere emakumeok dauzkagu: %32,4ko tasa dugu, gizonezkoen %22,2koaren aldean. Lanaldi partzialaren kontratuetatik %85 emakumeoi dagozkigu. Horrela, pertsonalaren egokitze prozesuak gogortzearekin batera, behin-behineko lanpostuak murrizten dira baldintza kaskarrenetan ari garen langileoi zuzenean eraginez: gazteei, emakumeoi eta migranteei. Horrez gain, emakumeok gizonezkoen lan bera egin arren %28 gutxiago kobratzen dugu. Ezin ahantzi dezakegu langabeziak emakumeongan eragin handiagoa duela: %9,2 emakumeetan eta %7,5 gizonezkoetan. Gainera, lan munduko jazarpen moralen %70 emakumeok jasotzen ditugu. Beraz, emakumeak gara lan baldintza okerrenetan lan egiten dugunak, bi halako edo hiru halako lanaldia daukagunak eta migranteekin batera kontraturik gabeko lanpostu gehien dauzkagunak.

Horrek guztiak izugarrizko eragina du emakumeongan; pobreziak emakume aurpegia du. Euskal Herria bezalako nazio batean, non ongizate estatu batean bizi garela zabaldu eta predikatzen duten, bada beste errealitaterik. Bakarrik bizi garen emakumeak, pisu familiar handia daukagun emakumeak, haurren zainketa eta enplegua partekatzeko aukerarik ez dugun emakumeak... Etxebizitza bat lortzeko aukerarik ez dugun emakumeak, oinarrizko errentarekin bizitzea beste erremediorik ez dugunak, emakume pentsiodunak, hein batean, gure bizi proiektua duintasunez garatu ezin dugun emakumeak.

Egoera honen eragile gobernuak eta euren instituzioak dira. Sistema kapitalistaren aliatu bikainak diren horiek. Lan merkatuaren momentuko beharrizanak asebetetze aldera emakumeok erabiltzen gaituztenak eta beraien interesen defentsan, mesedegarri zaizkien politikak eta legeak aldatzen dituzten horiek. Eta krisi egoera honetan, behin eta berriro ere ikusezin bilakatu nahi gaituzte. Baina ez haiek bakarrik, sindikatuek ere gaur egun emakumeon egoera sozioekonomikoari aurre egiteko tresna bat izan beharko lukete, eta ez dira. Krisian ere haiek ikusezin bilakatu gaituzte, ez dute emakumeoi gehien eragiten digun errealitatea azaleratzen. Iruzur bat bestearen atzetik.

Beraz, greba orokorrerako deialdi honen inguruan ezin gara eskuak gurutzatuta geratu. Emakumeon errealitatearen azaleratzea, diskurtso zein balorazio ofizialetatik at uzten gaituzten honetan, inoiz baino ozenago entzunarazi behar diegu gure ahotsa. Euskal Herriko kaleetan barrena gure errealitatea ezagutarazteko eta gure eskubideak aldarrikatzeko unea dugu. Emakume guztiak, emakume gazteak, emakume etorkinak, emakume pentsiodunak, etxeko lanetan ibiltzen garen emakumeak, emakume baserritarrak, ekonomia murgilduan ari garenak, lan baldintza prekarioetan ari garenak, denak. Euskal Herriak gure errealitatearen berri jakin behar du, gure aldarrikapenen berri jakin behar du, eta instituzioei gure errealitatearen berri gizarteari jakinaraztea eta irtenbide eraginkorrak ezartzea exijitu beharra ezinbesteko dugu. Eta horretarako, kalea eta borroka dauzkagu esku artean. Krisi honen aurrean ere irten gaitezen kalera sistema irauli eta gure eskubideak aldarrikatzera.

No hay comentarios:

Publicar un comentario